
Uztailaren 16an ospatu zen Donostia Zinemaldia Sozietateko Administrazio kontseiluko ez-ohiko bileran erabaki zen, datorren urtarrilaren 1etik aurrera jaialdi honetako zuzendaria José Luis Rebordinos izango dela. Horrela, kargu honetan jada 10 urte daraman Mikel Olaciregui ordezkatuko du.
Donostiarra Zinemaldiko zuzendaritza eta hautaketa batzordeko kide izateaz gain, Fantasiazko eta beldurrezko zinemaren asteko eta Giza-eskubideen jaialdiko zuzendaria ere bada; aldi berean, Donostia kulturako zinema arloa koordinatzen du. Bilera ostean Rebordinos Zinemaldiko zuzendari-orde izendatu zuten, datorren urtean beteko duen zuzendaritza posturako prestaketa bezala.