FAPAE: “Zinema Espainiarrak bildutako diru-kopurua % 27 hazi da 2015.urtearekin alderatuta”

rueda-de-prensa-de-fapae-festival-san-sebastian-2016Sektore zinematografikoak Espainian izandako datu eguneratuak eman ditu ezagutzera FAPAEko presidenteorde eta IBAIAko presidente Joxe Portelak FAPAEko presidente Ramón Colomekin, Espainiako ikus-entzunezko produktoreen konfederazioarekin eta EPE/APVko presidente Carlos Juárezekin batera Donostiako Zinemaldiaren 64. edizioan.

  • 2016ko irailaren 15era arte, 142 film espainiar produzitu dira, hau da, % 24,6ko hazkundea iazko aldi berarekin alderatuz gero. Kalifikatutako filmen ia erdiak dokumentalak direla nabarmendu behar da. Hasitako filmaketen kopurua, ordea, ia % 19 gutxitu da, 104 filmaketa jakinarazi baitira, 2015eko data beretan izandako 128 jakinarazpenekin alderatuta
  • Bildutako diru-kopuruari dagokionez, comScore konpainiak emandako datuen arabera, irailaren 15era arte, Espainiako zineek 405,7 milioi euro bildu eta 67,5 milioi ikusle izan dituzte, hau da, % 8ko hazkundea diru-bilketari dagokionez eta % 7,5eko hazkundea, aldiz, ikusleei dagokienez, 2015eko data berekin alderatuz gero.
  • Film espainiarrek 56,8 milioi euro biltzea lortu dute, eta 9,3 milioi ikusle izatea. Hori horrela, zinema espainiarrak bildutako diru-kopuruari dagokionez lortu duen kuota % 14 izan da. FAPAEko presidenteak adierazi du kuota bikaina dela, data hauetan aurreko urteetan izandakoak gainditzen baititu (2014. urtekoa izan ezik).

 “2016an film espainiarrek ia 57 milioi euro bildu dituzte orain arte, eta 9,3 milioi ikuslek ikusi dituzte. Zinema espainiarrari diru-bilketa dela-eta dagokion kuota % 14 da, eta oraindik iritsiko diren filmak kontuan izanda, urte-amaierarako bildutako diru-kopurua berriz ere nabarmentzekoa izango dela espero da. Funtsezkoa da martxan jarritako finantzaketa-eredua burutzea. Horregatik, laguntzen ordainketa-prozesuei konponbide bat emango zaielakoan gaude ”, adierazi du FAPAEko presidente Ramón Colomek.

Aldi berean, zinemari laguntzeko eredu berria abiarazteko prozesua amaierara eramateko eskatu dio Gobernuari. Colomek zehaztu duenez, hasteko, proiektu gaineko film luzeen produkziorako laguntza orokorretarako hogeita hamar milioi euroko aurrekontua zuen eredu berriak, eta diru-kopuru horretako hogei milioi ordainketa-prozesuan daude jada, eta gainerakoa tiradera batean geratu da “nahaste-borraste burokratikoaren ondorioz”.

Dena den, FAPAEko presidenteak jakinarazi duenez, Kulturako Estatuko idazkariak ziurtatu zion gai hori hurrengo Ministro Kontseiluan bideratuko zela, eta produktore eta ikus-entzunezko industriako kide guzti-guztiek ez zeukatela zertan kezkatu egoera horren inguruan.

Ramón Colomek azpimarratu du aurrekontu-horniduraren arazoari konponbiderik ez emateak kinka larrian jar dezakeela ikus-entzunezko produkzioaren etorkizuna, eta bere pena adierazi du egin duen prentsa-agerraldian Alderdi Popularraren eta Ciudadanos alderdiaren arteko akordioak ez duelako bildu zinemari BEZa jaistea, eta bai, ordea, zuzeneko ikuskizunei jaistea.

Colomek gogorarazi duenez, hauteskunde-kanpainan, alderdi guztiak, Alderdi Popularra izan ezik, zinemari BEZa murriztearen alde azaldu ziren, eta Gobernuko iturrien arabera, % 10eko tarte ertainera egokituko litzateke, ia ziurtasun osoz. “Film bat ikustera joatea ez da antzerki bat edo opera bat ikustea baino kultura-ekitaldi txikiagoa”, FAPAEko presidentearen hitzetan.

EPE-APV Euskal Produktoreen Elkarteko presidente Carlos Juárezek gogoeta horiekin bat egiten du, finantza-eredu jakin baten alde ere eginez, zeinean Estatuak zerga-arinketa egoki eta ez-testimonialak arautuko dituen. Juárezi gustatuko litzaioke exekutibo berriak ikus-entzunezko produkzioaren industria ulertzeko jarrera izatea, eredu lehiakor batera iristeko.

Azkenik, zinema espainiarrak Donostiako Zinemaldian duen parte-hartzea nabarmendu du, “aurten ere zabala baita”, eta “gure produkzioen kalitatea eta kreatibitatea ere” nabarmendu du.

“Bildutako diru-kopuruaren datuek erakusten dute zinema espainiarra jenderekin konektatuta dagoela eta joera horrek eutsi egiten dio, eta, hori horrela, zinema espainiarrak urte bikaina izango duela uste dugu, oraindik ere falta diren estreinaldi ugariekin, eta 2016. urtea iazkoaren oso antzeko kuotarekin amaituko da”, Espainiako ikus-entzunezko produktoreen presidenteak amaitzeko esan duenez.