“La Lista Falciani dokumental-proiektuaren analisia, garatu zenetik nazioartean banatu zen arte”

Irailaren 24an, 16:00etatik 18:00etara eta Kursaal Auditorioko 8. eta 9. aretoetan, IBAIA elkarteak Europa Sortzailea Desk Media Euskadiren laguntzarekin antolatutako HITZALDI batean parte hartu ahal izango dute bertaratuek. Hitzaldi horretan, Europa Sortzailea programaren laguntza jaso duen LA LISTA FALCIANI izeneko dokumental-proiektuaren kasu praktikoa aztertuko da zehatz-mehatz:

Film luze dokumental horrek jaialdi ugaritan parte hartu du eta hainbat sari jaso ditu. Zehazki, Hervé Falcianik HSBC bankuari datuak lapurtu ondoren agerian geratutako zerga-ihesaren eta banku-pribatutasunaren inguruan sortutako eztabaida kontatzen du. Gebrueder Beetz Filmproduktion (Berlin) eta Polar Star Films etxeen produkzioa da, eta dokumentalaren produktore Carles Bruguerasen eskutik, proiektuaren ideiaren garapena, finantzaketa, produktoreen arteko harremanak eta nazioarteko banaketa aztertuko dira.

 Europa Sortzailea Desk Media Euskadi bulegoko koordinatzaile Ainhoa Gonzálezek, gainera, programaren aurkezpen laburra egingo du, obra dokumentaletarako laguntzak azpimarratuko ditu, eta laguntza horiek lortzeko mekanismoak deskribatuko ditu.

Jardunaldiaren aurkezlea eta moderatzailea Catherine Ulmer izango da.

Publiko gisa joateko eta ikus-entzunezkoen eta zinematografiaren sektoreko Europako profesionalak ezagutzeko interesa duzuen guztiok honako esteka honetan eman dezakezue izena: link.

Edozein argibide eta/edo informazio gehigarritarako, gurekin harremanetan jar zaitezkete Lauhaizetara@ibaia.org helbidean, edota www.lauhaizetara.eu webgunea kontsulta dezakezue.