Asier Altuna, Icíar Bollaín, Iñaki Alforja eta Iban Toledo, Javier Corcuera, Iker Elorrieta, Xabier Erkizia, Maider Oleaga, Maru Solores eta Hernán Zin lehiatuko dira Euskal Zinemaren Irizar Saria eskuratzeko Donostia Zinemaldian

Hamazazpi euskal ekoizpen izango dira 69. edizioko programazioaren parte

Kimuak programaren ibilbidea Zinemira sariarekin aitortuko da

Hamazazpi lanek –hamahiru film luzek, film labur batek, telesail batek, ekoizpen-fasean dagoen film batek eta proiektu batek– osatuko dute Donostia Zinemaldiaren 69. edizioko euskal partaidetza, eta Sail Ofizialean, Zabaltegi-Tabakaleran, Zinemiran, Euskal Zinemaren eta EiTBren galetan, WIP Europan eta Ikusmira Berriak sailean banatuta egongo dira.

Zinemira, euskal zinemari berariaz eskainitako saila, Donostia Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak antolatzen dute, Irizar eta EiTBren babesarekin eta Euskadiko Filmategiaren, EPE/APV eta IBAIA ekoizleen elkarteen eta Zineuskadiren laguntzarekin. Aurtengo edizioan, Zinemirak fikziozko eta ez-fikziozko hamaika lan izango ditu. Horietako zazpi Zinemaldian mundu-estreinaldiak izango dira eta, horregatik, Euskal Zinemaren Irizar Saria lortzeko aukera izango dute, Zinemaldiaren beste atal batzuen parte izango diren beste bi lanekin batera. Horrela, bederatzi ekoizpen lehiatuko dira, guztira, 20.000 euroko saria eskuratzeko filmaren ekoiztetxerako edo ekoiztetxeetarako.

Javier Corcuerak (Lima, 1967) Goya bat jaso du, baita Zilarrezko Biznaga bat Málagan eta Fipresci epaimahaiaren aipamen berezi bat Donostian ere La espalda del mundo (Zabaltegi-New Directors, 2000) filmagatik, eta No somos nada / We Are Nothing filmarekin itzuliko da Zinemaldira, La Polla Recordsen −Evaristo Páramosek zuzendutako punk-talde historikoaren− agur-biraren inguruan sorturiko ez-fikziozko filma.

Maru Soloresek (Donostia, 1968) Camera obscura (Zinemira, 2012) obrarekin egin zuen debuta film luzeen zuzendaritzan, eta Aztarnak – Huellas / Imprints lanaren –bere bigarren film luzearen– estreinaldiak itxiko du Zinemira oraingoan. Dortoka uhartea (La isla de la Tortuga, 2002) film labur sarituaren egilearen film berrian haurtzaroko urteek uzten dizkiguten eta gogoratzen ez ditugun aztarnei buruzko hausnarketa egiten da.

Iñaki Alforja (Iruñea, 1967) eta Iban Toledo (Beasain, 1978) zinemagileek Bolante baten historia / Story of a Steering Wheel zuzendu dute, José Miguel Etxeberria Álvarez Naparra desagertu zeneko eta haren familiak haren gorpuaren bila emandako 40 urteri buruzko ikerketa bat, hain zuzen.

El radioaficionado / The Radio Amateur Iker Elorrietaren (Bilbo, 1977) fikziozko lehen film luzea da; besteak beste, I Forgot Myself Somewhere (2017) ez-fikzio sarituaren egile da Elorrieta, eta ama hil ondoren jaioterrira itzuliko den hogeita hamar urteko gazte autista bat ekarriko digu oraingoan bere film berriarekin.

Xabier Erkizia (Lesaka, 1975) soinu-artista, musika-ekoizle eta ikertzaileak, Converso (2017) eta Urpean lurra (2019) euskal ekoizpenen soinu-arduradunak, O Gemer / The Moaning filmarekin egin du debuta errealizadore gisa, idi-gurdiek egiten duten soinu bitxian oinarritutako film esperimental batekin, hain zuzen.

Maider Oleagak (Bilbo, 1976) hainbat film proiektatu izan ditu Zinemaldian, tartean Muga deitzen da pausoa / Stepping into the Boundary, Ikusmira Berriak egonaldi-programaren lehen edizioan garatu zuen proiektua, hain zuzen ere. Oleagak Kuartk Valley estreinatuko du aurtengo Zinemaldian, Arabako haran bateko herri batean bertako jendeak lagunduta filmatutako western baten istorioa.

Hernán Zinek (Buenos Aires, 1971), Nacido en Gaza (2014), Nacido en Siria (2016) eta Morir para contar (2018) saritutako lanen egileak, Belako musika-taldeari jarraitu dio 2020an zehar: 60 kontzertu bertan behera utzi zituztenetik pandemia-testuinguruan euren burua berrasmatu behar izan zutenera arte (bira bat egin zuten drive-inetan). Pandemic Tour 2020 Belako filmak Josu Ximun Billelabeitia, Lore Nekane Billelabeitia, Cris Lizarraga eta Lander Zalakain musikagile eta Mungiako musika-taldeko kideen ibilbideari jarraituko dio.

Euskal Zinemaren Galan estreinatuko da HondaleaAsier Altunak (Bergara, 1969) zuzendutako ez-fikziozko filma, Cristina Iglesias artistak Donostiako Santa Klara uharterako sortu duen obraren inguruan. Altuna Zinemaldian izango dugu, berriz ere, Amama (Irizar Saria, 2015) filmarekin Sail Ofizialean lehiatu ondoren eta Bertsolari (2011) lehiaketaz kanpo erakutsi ostean; halaber, New Directors sailean eta Euskal Zinemaren Galan ere egon izan da Altuna, hurrenez hurren, Aupa Etxebeste! (2005) eta Agur Etxebeste! (2019) ‒biak Telmo Esnalekin batera zuzenduak‒ aurkezten. Iaz Culinary Zinema saila inauguratu zuen ARZAK Since 1897 ez-fikziozko filmarekin.

Gainera, Maixabel Euskal Zinemaren Irizar saria irabazteko lehian izango da. Sail Ofizialean egongo da Icíar Bollainen (Madril, 1967) filma; ETAk eraildako Juan Mari Jáuregui buru sozialistaren alarguna antzeztu du Blanca Portillok bertan, eta Luis Tosarrek, berriz, atentatuaren arduradunetako baten papera egin du. 2011n Langraiz bidea deritzonaren bidez bultzatutako konpontze-topaketak irudikatu ditu zuzendariak Maixabelen; Langraiz bideari esker, Maixabel Lasak bere senarraren hiltzaileekin elkartu ahal izan zuen espetxean.

Lehiaz kanpo

EiTB galan, Pausokak ekoiztua eta Javier García de Vicuñak zuzendutako Irabazi arte telesailaren lehen atala aurkeztuko da, ama galdu eta Bartzelonatik Euskadiko bere jaioterrira bizitzera joango den futbolari nerabe batean funtsatuta.

Aitor Merinok (Donostia, 1972) bere ahizpa Amaiarekin zuzendu zuen Asier ETA biok, eta 2013an Euskal Zinemaren Irizar Saria irabazi zuten lan horrekin; oraingoan Fantasía aurkeztuko digu, Málagako zinema-jaialdian estreinatu ondoren. Fantasíaren proiektua Ikusmira Berriak ekimenaren lehen edizioan garatu zen, eta familia baten historiari jarraitzen dio oroitzapenen eta gurutzaldi baten bitartez.

Igor Legarretak (Leioa, Bizkaia, 1973) Ilargi guztiak. Todas las lunas aurkeztuko du, bere bigarren film luzea, Kanadako Fantasia Jaialditik igaro eta Bilboko FANT inauguratu ondoren. Itziar Ituño, haizea Carneros eta Josean Bengoetxea ditu protagonista, eta XIX. mendearen amaieratik XX. mendearen hasierara bitartean gertatzen den fabula bat da, heriotzari eta hilezkortasunari buruzkoa.

Paperezko hegoak Josu Martínez (Bilbo, 1986) zinemagile, irakasle eta gidoilariaren lan berria da, eta Samara Velte (Zarautz, 1991) kazetari eta idazlearen debuta errealizadore gisa. Martínez eta Veltek lekukotza eta artxibo argitaragabeekin dokumentatu dute Euskaldunon Egunkariaren aurkako eragiketa.

Mireia Gabilondok (Bergara, 1965) hainbat film aurkeztu izan dizkigu Donostia Zinemaldian, hala nola Amaren eskuak (Zinemira 2013), eta oraingoan Kepa Errastiren Erlauntza / The Hive antzezlana film-formatura moldatu du Errasti berarekin batera; haurtzaroko lagun talde baten istorioa kontatzen digu filmean ‒Itziar Atienza, Naiara Arnedo, Sara Cozar, Getari Etxegarai, Aitziber Garmendia eta Leire Ruiz aktoreek egin dituzte rolak‒, landa-etxe batean elkartzen direnekoa, ezkondu aurreko agurra egiteko.

Zinemaldiaren programazioan parte hartuko duen baina Euskal Zinemaren Irizar Saria irabazteko lehian egongo ez den beste euskal ekoizpen bat Heltzear da; lana Zabaltegi-Tabakaleran emango da, Veneziako zinema-jaialdiko Orizzonti saileko film laburren lehiaketan parte hartu ondoren. Mikel Gurrearen (Donostia, 1985) film laburra 2021eko Kimuak katalogoan ere hautatu dute. Proiektuak garatzeko Ikusmira Berriak egonaldi-programan egon zen zinemagile donostiarra, eta indarkeria politikoko testuinguru batean nork bere mugak gainditzeari buruzko istorio bat kontatuko digu oraingoan.

Gainera, euskal filmetarako bi proiektu Zinemaldiaren 69. edizioko egitarauaren parte izango dira. Misión a Marte Mission to MarsAmat Vallmajor del Pozo (Verges, 1996) kataluniarraren lehen lanak WIP Europan parte hartuko du, Zinemaldiak ekoizpen europarretarako duen work in progress sailean. Vallmajor del Pozok, Elías Querejeta Zine Eskolako ikasle ohiak (sorkuntzako espezialitatea), Euskal Herri postapokalitpiko batean girotu du bere lehen filma. Zinema Eskolako beste ikasle ohi bat (sorkuntzako espezialitatea), Marina Palacio (Donostia, 1996), bere lehen film luzea lantzen ari da, Y así seguirán las cosas / And thus it will go on, Ikusmira Berriak programako egonaldien testuinguruan, Ya no duermo film laburra zuzendu eta sariak jaso ondoren (Zabaltegi-Tabakalera eta Kimuak, 2020).

Euskal artistak

Gaur Tabakaleran egin den Zinemaldiaren 69. edizioko euskal zinemaren prentsaurrekoa, halaber, Euskal Zinemaren Galan erakutsiko den kartel berria aurkezteko esparrua ere izan da. Udane Juaristi (Azkoitia, 1985) margolari gipuzkoarra izan da hurrengo urteotan euskal ekoizpenekin batera erakutsiko diren irudiaren sortzailea. Bestalde, Bego Vicario (Caracas, 1962) artista eta zinemagileak Perlak sailaren kartela diseinatu du, eta Victoria Eugenia Antzokian egingo diren film-aurkezpenetarako baliatuko da kartel hori.
Enkargu horiek Zinemaldiaren filosofiaren barruan kokatzen dira, hau da, hainbat diziplinatako euskal artea lehiaketan egotea. Isabel Herguerak 2015ean eta Izibene Oñederrak 2016an diseinatu zituzten (eta emakumezko lehen artistak izan ziren), Euskal Zinemaren eta Perlak filmaren kartelak, hurrenez hurren. Aurtengo edizioan Udane Juaristi eta Bego Vicario sortzaileek izango dute eginkizun hori.



ZINEMIRA

Euskal zinemari eskainitako saila da eta Donostia Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak antolatzen dute, Irizar eta EITBk babestuta eta Euskadiko Filmategiaren, EPEren, IBAIAren eta Zineuskadiren lankidetzarekin.

NO SOMOS NADA
NO SOMOS NADA / WE ARE NOTHING
JAVIER CORCUERA (PERU)

Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia – Peru

Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehiatuko da
INAUGURAZIOA

La Polla Records, punkaren talde mitikoenetako bat, taldeak egingo duen azken biraren harira itzuliko da agur esateko, eta taldearen abeslari Evaristo Páramosek 40 urteko historia oroituko du, Euskadin jaio zeneko herritik. Baserritar batzuen istorio sinestezina da hau, euren abestien bidez musika erretxindua irauli zutela eta lortutako milaka jarraitzaileek abesti horiek ereserki bihurtu zituztela kontatzen diguna.


AZTARNAK - HUELLAS
AZTARNAK – HUELLAS / IMPRINTS
MARU SOLORES (ESPAINIA)

Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia

Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehiatuko da
KLAUSURAKO FILMA

Jaio berri den izaki baten ahotsak eta ama batenak aspaldi ahaztu dugun garai horretarainoko bidaian laguntzen gaituzte. Naturako elementuek gorputzaren paisaiekin eta aztarnekin solasten dute. Bidai honetan hainbat adituen ahotsek laguntzen digute, aztarnak ikertzen dituzten detektibe gisa, eta baita beste familia batzuek ere. Aldi berean, bilaketa honek ama narratzaileari bere istorio propioa ikertzeko bultzada emango dio. Erantzun bakarra ez duten galderak sortuko dira, etorkizuneko helduei buruz hausnartzera gonbidatzen gaituztenak.


BOLANTE BATEN HISTORIA
BOLANTE BATEN HISTORIA / STORY OF A STEERING WHEEL
IÑAKI ALFORJA (ESPAINIA), IBAN TOLEDO (ESPAINIA)

Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia

Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehiatuko da

Bortxazko desagerpen batek ez du soilik desagertuaren bizitzarekin amaitzen, uretara botatako harri batek sortzen dituen uhinen antzera, orbain emozional bat uzten du familia eta gizartearengan. 80ko hamarkadaren hasieran, Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea zen José Miguel Etxeberria Álvarez, Naparra, desagerrarazi zuten. Gurutzatutako komunikatu, erreibindikazio desberdin eta axolagabekeri judizialaren artean, familiak desagerpenari erantzun bat ematen saiatu zen. Anaiaren desagerpenak irekitako zauria sendatzeko asmoz, Eneko da berrogei urte baino gehiago iraun duen bilaketaren lekukoa hartu duena.


EL RADIOAFICIONADO
© Pantoma films 2021
EL RADIOAFICIONADO / THE RADIO AMATEUR (IRRATITZAILEA)
IKER ELORRIETA (ESPAINIA)

Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia

Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehiatuko da
Antzezleak: Falco Cabo, Usue Álvarez, Jaime Adalid, Peio Arnáez, Arantza Galíndez

Nikolas autismoa duen 30 urteko gaztea da, eta ama hiltzen zaionean, jaioterrira bidaiatzea erabakiko du. Misio bat bete nahi du, bi egunean itsaso zabalera heltzea. Bertan Ane aurkituko du, laguntzeko prest dagoen haurtzaroko lagun bakarra. Hala ere, komunikatzeko dituen zailtasunak direla-eta, Nikorentzat ez da erraza izango. Izan ere, mundu guztiak ez du maiztasun bera sintonizatzen.


ERLAUNTZA
ERLAUNTZA / THE HIVE
MIREIA GABILONDO (ESPAINIA)

Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia

Antzezleak: Itziar Atienza, Naiara Arnedo, Sara Cózar, Getari Etxegarai, Aitziber Garmendia, Leire Ruiz

Haurtzaroko lagun talde bat landetxe batera joan da horietako baten ezkondu aurreko agurra ospatzera. Baina urteak ez dira alferrik igarotzen, eta elkarren artean lotura handia sentitzen badute ere, ezer ez da lehen zen bezalakoa; edo bai… Ustez asteburu zoro bat izan behar zuen esperientzia are gehixeago erotuko da, trapu zaharrak, inoiz elkarri esan gabekoak, aitorpenak, alkohola, droga eta erlauntz bat. Animalia-erreinuan erleak omen dira hobekien komunikatzen diren izakiak. Eta, agidanez, dantzaren bidez komunikatzen dira…


FANTASíA
FANTASÍA
AITOR MERINO (ESPAINIA)

Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia

Ikusmira Berriak II

Amaia eta Aitor anai-arrebek laster beteko dituzte 50 urte. Ez dute seme-alabarik. Oso gaztetatik Kontxi eta Iñaki guraso erretiratuengandik urrun bizi dira. Uda batean, Fantasía izeneko gurutzaontzi batean elkartuko dira. Badirudi itsaso zabalean denbora gelditu egiten dela, baina ostertzetik haratago errealitateak aurrera egiten jarraitzen du atsedenik gabe.


ILARGI GUZTIAK. TODAS LAS LUNAS
ILARGI GUZTIAK. TODAS LAS LUNAS / ALL THE MOONS
IGOR LEGARRETA (ESPAINIA)

Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia – Frantzia

Antzezleak: Itziar Ituño, Haizea Carneros, Josean Bengoetxea

Azken karlistaldia amaitzear dela, baso sakonean bizi den emakume misteriotsu batek umezurztegi batetik erreskatatuko du neskato bat. Larriki zauriturik, hiltzen ari dela sentituko du neskatoak, eta emakumea aingeru bat dela pentsatuko du, bere bila etorri dela zerura eramateko. Laster jakingo du izaki bitxi horrek betiko bizitza eman diola baina, aldi berean, gaueko iluntasunean bizi beharko dutela biek, “betirako”. Kondizio berri horretan, mingarria egingo zaio denbora igaro baina haur-gorputz berarekin segitzea; alabaina, Cándido ezagutuko du, etxean alaba izango balitz bezala hartuko duen gizon xume bat, eta bere izaeraren aurkako borrokan eta lapurtu zioten bizitza berreskuratzeko ametsean lagunduko dio. Ilargi Guztiak. Todas las lunas fabula fantastikoa da, heriotzari beldurra izateaz eta hilezkortasunaz hausnartzen duena.


KUARTK VALLEY
KUARTK VALLEY
MAIDER OLEAGA (ESPAINIA)

Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia

Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehiatuko da

2005eko amaiera. Kuartango, Arabako (Euskal Herria) haran urrun bat. Bi gizonek amets zahar bat mamitzeko konpromisoa hartu dute: western bat filmatzea. Ez dute ez dirurik ez talde teknikorik, baina bertako biztanleak filmeko pertsonaiak gorpuzteko konbentzituko dituzte. Algo más que morir, lehen euskal westerna, Almería Western Film Festival jaialdian estreinatu zen 2014an, eta bi sari nagusi irabazi zituen. Kuartk Valley filmak azkenean argitara eman du abentura kolektibo hori, eta kondaira finkatuta geratuko da.


O GEMER
O GEMER / THE MOANING (INTZIRIA)
XABIER ERKIZIA (ESPAINIA)

Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia

Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehiatuko da

O gemer film esperimentala da, euskal idi-gurdien soinu bitxiaren bidaia geografiko eta historikoari buruzkoa. Soinu horrek 60ko hamarkadara arte iraun zuen Kantauri isurialdearen zati batean, baina gaur egun ia erabat desagertu da Iberiar penintsula osoan. Filmak ibilbide bat egiten du, soinuak gure lurraldean gaur egun duen isiltasunetik Brasilgo erdialdean berragertu den arte, hainbat urteko ikerketa baten ondoren. Gurdiak aurrera egiten duenean sortzen duen soinu kirrinkari (baina afinatu) berezi horrek zalantzan jartzen ditu ikusten dugun munduak nolako soinuak egiten dituen jakiteko baliatzen ditugun zentzumenak eta esperientzia.


PANDEMIC TOUR 2020 BELAKO
PANDEMIC TOUR 2020 BELAKO
HERNÁN ZIN (ARGENTINA)

Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia

Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehiatuko da

2020ko martxoan, covid-19ak mundua geldiarazi zuen. Eta musika ere gelditu egin zen. Begirunerik gabe. Denok konfinatu gintuen etxean. Belakok, Espainian musikaren sari guztiak irabazi dituen talde bizkaitarrak eta BMG konpainiak Europan eta Mexikon 2020rako egina zuen nazioarteko apustu handiak, New Yorken mundu-birako lehen kontzertua amaitu ondoren, etxera ihes egin behar izan zuen Donald Trump AEBko presidenteak mugak ixteko emandako mezuaren ondorioz. Beraz, musika-taldeak bertan behera utzi behar zituen 2020rako aurreikusita zituen gutxienez 60 kontzertuak. Hilabete horiek nola bizi izan zituzten. Elkarrekin nola jarri ziren harremanetan, bakoitza bere etxean isolaturik. Nola berrasmatu behar izan zuten taldea. Nola sortu zuten munduko lehen bira pandemia betean, autokarabanetan drive-in zinemetan road movie bat asmatuz eta Europako hedabide guztiak harrituta utziz. Eta nola egin zioten aurre erronka horri aurrera egiteko, indarrez, irudimenez eta ilusioz.


PAPEREZKO HEGOAK
PAPEREZKO HEGOAK
JOSU MARTINEZ (ESPAINIA), SAMARA VELTE (ESPAINIA)

Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia

Nola sukaldatu zen Euskaldunon Egunkariaren aurkako eragiketa? Zer dela eta erabaki zuen Estatuak haren kontra jotzea? Zer bilatzen zen euskalgintza mugimenduko pertsona ezagun eta prestigiotsuak atxilotu, torturatu eta publikoki umiliatzean? Zergatik itxi zuen Guardia Zibilak euskarazko egunkari bakarra? Dokumental hau, galdera horientzako erantzunen bila abiatuko da, fokua garaiko gako eta faktore ezberdinetan ipinita. Ikerketa sakon baten ondorio, lehen mailako pertsonaien testigantzen bidez eta Egunkariaren beraren artxiboetatik ateratako irudi ineditoei esker, orain arte ezezagunak diren ikuspegi eta datuak azalaratzea izango da filmaren parioa.


EUSKAL ZINEMAREN GALA

HONDALEA: ABISMO MARINO
HONDALEA: ABISMO MARINO / HONDALEA: MARINE ABYSS (HONDALEA)
ASIER ALTUNA (ESPAINIA)

Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia

Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehiatuko da

Cristina Iglesias eskultoreak seguruenik orain arte egin dituen obretatik garrantzitsuena sortu du, Hondalea. Donostiako Santa Klara uharteko itsasargiaren etxean egindako esku-hartzea. Uhartearen izaera basatian eta euskal kostaldearen geologia nabarmenean inspiratuta, Cristina Iglesiasen eskulturak itsasargiaren barnealdea eraldatzen du: zehazki, artistak zaharberritu eta gune eskultoriko bertikal zorabiagarri bihurtu du. Estratu geologiko urtuek eta olatuen eta itsasaldien erritmoan doan urak bisitaria erakarri eta esperientzia sakona ekarriko diote. Film honek obra eraikitzeko prozesua kontatzen digu.


EITB GALA

IRABAZI ARTE
IRABAZI ARTE
JAVIER GARCÍA DE VICUÑA (ESPAINIA)

Ekoizpeneko herrialdea(k):

Antzezleak: Jose Ramon Soroiz, Sua Enparantza, Alvaro Garayalde, Joana Garitano, Nahia Sillero, Ane Garmendia, Ainhoa Azpitarte, Ane Iturrate, Ibai Ugarte, Ander Rovira, Aritz Basterra

Arene Bartzelonan bizi den futbolari nerabe bat da. Zoritxarrez, ama hil eta familia lur jota geratuko da eta Peiok, Areneren aitak, jaio zeneko herrira –Euskadira– itzultzea erabakiko du bizitza berri bati ekiteko. Erronka berriak izango ditu Arenek, aitonarekin bizitzera eta lagun berriak egitera ohitu beharko du, amaren galera gainditzen duen bitartean. Baina, batez ere, askoren aurreiritzien aurka jardun beharko da, herriko lehen nesken futbol-taldea sortu ahal izateko. Irabazi arte sailaren lehen kapitulua.


SAIL OFIZIALA – Lehiaketarako

MAIXABEL
MAIXABEL
ICIAR BOLLAÍN (ESPAINIA)

Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia

Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehiatuko da
TVE-Beste Begirada Sarirako lehiatuko da
Antzezleak: Luis Tosar, Blanca Portillo, Urko Olazabal, María Cerezuela

2000. urtean, Maixabel Lasaren senarra, Juan María Jáuregui hil zuen ETAk. Hamaika urte geroago, ezohiko eskaera bat jaso zuen: bere senarra hil zuten gizonetako batek berekin hitz egiteko eskatu zion Langraiz Okako espetxean (Araba), zigorra betetzen ari deneko kartzelan, talde terroristarekin zituen harremanak eten ostean. Zalantzak zalantza eta atsekabe handia izan arren, Maixabel Lasak onartu egin zuen aurrez aurre ikustea 16 urte zituenetik bere bikote izandakoa hil zuten pertsonekin. “Mundu guztiak merezi du beste aukera bat”, erantzun ohi du emakumeak galdetzen diotenean zergatik erabaki zuen hitz egitea bere senarra hil zuen gizonarekin.


ZABALTEGI-TABAKALERA

HELTZEAR
HELTZEAR (Film laburra)
MIKEL GURREA (ESPAINIA)

Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia

Antzezleak: Haizea Oses, Mikel Arruti, Oier de Santiago
Zinemira Kimuak

Donostia, 2000. Euskal gatazka aktibo dago. Kanpoan duen anaiari gutun bat idazten dion bitartean, Sara, 15 urteko eskalatzailea, bere bizitzako maila-igoerarik gogorrenerako entrenatzen ari da.


WIP Europa

MISIóN A MARTE
MISIÓN A MARTE / MISSION TO MARS
AMAT VALLMAJOR (ESPAINIA)

Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia

Antzezleak: Txomin Del Pozo, Gerardo “Gene” Del Pozo, Mila Del Pozo

Euskal Herri post-apokaliptiko batean, bi anaia Marterako misio batean abiatuko dira, familiaren iraganean zeharreko road trip futurista batean. Txomin euskal arkeologo langabeak Marten azterlan bat egiteko enkargua jaso du. Gene anaia gidaria dela, Eibartik abiatuko dira Espainia iparraldean zeharreko abentura batean. Generen osasun makalak eta ezustean agertuko den lanbro toxiko batek, bidetik desbideratu eta arreba Milarengana eramango ditu protagonistak. Hiru haurrideak elkartzean, familia-kexa zaharrak piztu eta Generen osasunak okerrera egingo du. Mamu batzuek eta Jesu Kristok berak lagunduta, bi anaiek misioa burutu eta Martera iristea erabakiko dute.


IKUSMIRA BERRIAK

Y ASí SEGUIRáN LAS COSAS
Y ASÍ SEGUIRÁN LAS COSAS / AND THUS IT WILL GO ON (ETA HORRELA JARRAITUKO DUTE GAUZEK)
MARINA PALACIO (ESPAINIA)

Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia

Y así seguirán las cosas (Eta horrela jarraituko dute gauzek) fikzioaren eta errealitatearen arteko erdibidean dagoen proiektu bat da. 5 urtean egitea aurreikusi da, eta filmaketa protagonisten bizitzaren eskutik joango da; izan ere, Tierra de Campos eskualdeko herri txiki batean bizitzeari utziko diote filmaren protagonistek. Beren bizitza aldatu egingo da, baina baita filma ere, haien bizitzekin batera.

Zinemira Saria: Kimuak

Donostia Zinemaldiak eta EPE/APV eta IBAIA ekoizleen elkarteek euskal zinemaren nortasun, programa edo erakunde nabarmen baten ibilbideari ematen dioten ohorezko golardoa da Zinemira Saria. Imanol Uribek (2009), Álex Angulok (2010), Elías Querejetak (2011), Michel Gaztanbidek (2012), Juanba Berasategik (2013), Pedro Oleak (2014), Karmele Solerrek (2015), Ramón Bareak (2016), Julia Juanizek (2017), Ramón Agirrek (2018), Jose María Txepe Larak (2019) eta Sara Bilbatuak (2020) jaso dute saria orain arte. Aurten, Zinemaldiak eta ekoizleen elkarteek Kimuak euskal film laburrak babesteko programari omenaldia egitea erabaki dute, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, Euskadiko Filmategiak eta Etxepare Institutuak bultzatutako programari, hain zuzen.

Ekimena 1998an hasi zen, euskal film laburren oparotasuneko garai batean: 1996an Bego Vicariok animazio-film labur onenaren Goya saria jaso zuen, Pregunta por mí lanagatik; Koldo Almandozen Razielen itzulera, Donostia Zinemaldiko Zabaltegi sailean jaso zuten 1997an; eta 1998an, Tinieblas Gonzalezen Por un infante difunto, Cannesen Semaine de la Critique sailean saritu zuten. Testuinguru horretan, Amaia Rodríguez Eusko Jaurlaritzako Kultura Sortu eta Zabaltzeko orduko zuzendariak eta Donostia Kulturako Zinema Unitateak ikusi zuten dirulaguntzak lagungarriak zirela film laburrak zuzentzeko, baina ez zutela horien banaketa bermatzen. Gabezia horri erantzuteko sortu zen Kimuak, euskal film laburrak Espainiako estatuan eta nazioartean sustatzeko, zabaltzeko eta banatzeko asmoz, eta 23 urte geroago helburu horiek izaten jarraitzen du.

Besteak beste, Koldo Almandoz, Asier Altuna, Telmo Esnal, Luiso Berdejo, Borja Cobeaga, María Elorza, Jon Garaño, Jose Mari Goenaga, Isabel Herguera, Ione Hernández, Pablo Malo, Izibene Oñederra, Koldo Serra, Bego Vicario eta Nacho Vigalondo zinemagileen ibilbideak babestu ditu programak.

Gaur egun Kimuak ahalbidetzen duen taldeak (Txema Muñoz eta Esther Cabero Euskal Filmategiko lankideak), irailaren 21ean Victoria Eugenia Antzokian egingo den Euskal Zinemaren galan jasoko du saria.

Erabat edo hein batean euskarazkoak diren filmak
  • AZTARNAK – HUELLAS / IMPRINTS, Maru Solores (Zinemira)
  • BERAK BALEKI / IF THEY KNEW, Aitor Gametxo (Zinemira-Kimuak)
  • BOLANTE BATEN HISTORIA / STORY OF A STEERING WHEEL, Iñaki Alforja eta Iban Toledo (Zinemira)
  • ERLAUNTZA / THE HIVE, Mireia Gabilondo (Zinemira)
  • ETXEAN / HOME, Mikel Rueda (Zinemira-Itxitik)
  • EURITAN, Arantza Santesteban eta Irati Gorostidi (Zinemaldia + PLUS)
  • FANTASÍA, Aitor Merino (Zinemira)
  • HELTZEAR, Mikel Gurrea (Zabaltegi-Tabakalera, Zinemira-Kimuak)
  • ILARGI GUZTIAK. TODAS LAS LUNAS / ALL THE MOONS, Igor Legarreta (Zinemira)
  • INNER OUTER SPACE, Laida Lertxundi (Zinemira-Kimuak)
  • IRABAZI ARTE, Javier García de Vicuña (Eitb Gala)
  • IZAN EZ ZIREN EGUNAK, Kevin Iglesias (Zinemira-Itxitik)
  • KINKA, Maider Oleaga (Zinemira-Itxitik)
  • MAIXABEL, Icíar Bollaín (Sail Ofiziala)
  • PAPEREZKO HEGOAK, Josu Martinez eta Samara Velte (Zinemira)
  • SERENDIPIA, Iban del Campo (Zinemira-Itxitik)
  • TARTEA, Imanol Gómez de Segura (Zinemira-Itxitik)
  • TRUMOIAK / THUNDER, Iker Maguregi (Zinemira-Kimuak)
  • VATIOS, David Pérez Sañudo (Zinemira-Itxitik)
  • ZERUA BLU / BLUE SKY, Lur Olaizola (Zinemira-Kimuak)
Euskarara bikoiztutako haur-filmak

Amenabar enpresak babestua, Zinema Euskaraz programaren barruan Zineuskadik egindako lankidetzari esker, haurrentzat pentsatutako eta euskarara bikoiztutako sei filmen hautaketa bat eskainiko du Aurrentzako Zinema Sailak.
Gainera, Donostia International Physics Center (DIPC) eta Euskadiko Filmategia erakundeekin elkarlanean, Zinemaldiak Enrique Gato eta David Alonsoren Tadeo Jones 2: Midas erregearen sekretua filma emango du online, euskarara bikoiztua, Gipuzkoako ikastetxeetarako.

Euskarazko azpitituluak dituzten beste sailetako filmak
NEW DIRECTORS
  • İki Şafak Arasında / Between Two Dawns, Selman Nacar
  • Inventura / Inventory, Darko Sinko
  • Marocco / Mikado, Emanuel Parvu
  • Le bruit des moteurs / The Noise of Engines, Philippe Grégoire
  • Mass, Fran Kranz
  • Shu Qi Shi Guang / Lost in Summer, Sun Liang
HORIZONTES LATINOS
  • Madalena, Madiano Marcheti
ZABALTEGI-TABAKALERA
  • Mi Iubita, Mon Amour, Noémie Merlant
  • La traversée / The Crossing, Florence Miailhe
  • Razzhimaya Kulaki / Unclenching The Fists, Kira Kovalenko
  • Cenzorka / 107 Mothers, Peter Kerekes
PERLAK
  • Guzen to sozo / Wheel of Fortune and Fantasy, Ryusuke Hamaguchi
  • Ouistreham / Between Two Worlds, Emmanuel Carrère
  • Petite maman, Céline Sciamma
  • Re Dai Wang Shi / Are You Lonesome Tonight?, Shipei Wen
CULINARY ZINEMA

Culinary Zinema sailean euskarazko azpitituluak izango dituzten bi film egongo dira. Culinary Zinemaren programa iragarriko dugu datorren ostegunean, irailaren 2an.

ATZERA BEGIRAKOA – LOREAK INFERNUAN. KOREAKO ZINEMAREN URREZKO AROA
  • Angae / Mist, Kim Soo-yong
  • Mabu / A Coachman, Kang Dae-jin
  • Obaltan / Aimless Bullet, Yu Hyun-mok
  • Yeopansa / A Woman Judge, Hong Eun-won
ZINEMIRA KIMUAK ETA ITXITIK

(Profesional eta akreditaziodunentzat bakarrik)
Zinemira sailean Kimuak 2021 programaren film laburren hautaketa bilduko da. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eta Euskadiko Filmategiaren ekimenaren xedea urteko euskal film labur nabarmenenak zabaltzea da. Kimuak hautaketak zortzi film labur bilduko ditu aurten:

  • AZALETIK AZALERA, Mel Arranzena
  • BERAK BALEKI / IF THEY KNEW, Aitor Gametxorena
  • HELTZEAR, Mikel Gurrearena
  • INNER OUTER SPACE, Laida Lertxundirena
  • RESONANCIAS / RESONANCES (OIHARTZUNAK), Iñigo Aranbururena
  • TRUMOIAK / THUNDER, Iker Maguregirena
  • UR AZPIAN LORE / FLOWER UNDER WATER, Aitor Oñederrarena
  • ZERUA BLU / BLUE SKY, Lur Olaizolarena

Gainera, profesionalentzako emanaldi bakar batean, Itxitik proiektatuko da, Zineuskadik egindako deialdi baten ondorioz filmatutako, zazpi film laburrez osatutako eta konfinamenduari buruzko film bat. Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren, Zineuskadiren, EITBren, Donostia Zinemaldiaren, Zinebiren eta Ezaeren arteko elkarlanari esker bideratu da proiektua. Iban del Campo, Borja Crespo, Imanol Gómez de Segura, Kevin Iglesias, Maider Oleaga, David Pérez Sañudo eta Mikel Rueda dira berrogeialdiaren gaineko ikuspegia irudikau duten zazpi euskal zinemagileak.

  • ETXEAN / HOME, Mikel Ruedarena
  • HIKIKOMORI, Borja Cresporena
  • IZAN EZ ZIREN EGUNAK, Kevin Iglesiasena
  • KINKA, Maider Oleagarena
  • SERENDIPIA, Iban del Camporena
  • TARTEA, Imanol Gómez de Segurarena
  • VATIOS, David Pérez Sañudorena