DONOSTIAKO “LAU HAIZETARA” DOKUMENTALEN KOPRODUKZIO FOROAK 5.000 EUROKO SARIA EMANGO DIO PROIEKTU ONENARI

Foroaren antolatzaile EPE-IBAIA / Ekoizleen Elkartearen eta ELKARGIren artean 2022an hasitako akordioa berritzearen fruitu den sari honek agerian jartzen du finantza-erakundeak ikus-entzunezkoen sektorearekin oro har eta euskal sektorearekin bereziki duen konpromisoa.

Izan ere, eta kolaborazio hori garatzearekin batera, produkzio zinematografiko askoren finantzaketan parte hartu du Elkargik (film luzeak, laburrak eta serieak), baita haiekin lotutako zerbitzuetan ere, 30 milioi eurotik gorako zenbatekoarekin. Diru-kopuru oso handia da hori, ikus-entzunezkoen bideragarritasuna bermatuko duen harreman-esparru egonkor bat sendotzeko finantza-arloko erakunde eta agenteen konpromisoa eta kolaborazioa izatea garrantzitsua den une honetan.

Hemendik aurrera eta Euskadiko hiru foru-lurraldeek onartutako neurri fiskalak balioan jartzeko helburuarekin, fiskalitatea finantzaketa-iturri gisa erabiltzen duen zerbitzu integral berri bat ari zaio jada eskaintzen Elkargi ikus-entzunezkoen industriari, bere ohiko finantza-zerbitzua ere eskaintzeaz gain. Bi kasuetan ere Elkargiren bermea dauka diruak, eta horrek eragiketaren arriskua minimizatzen du. Segurtasun juridikoa eta finantzarioa eskaintzen du produkzio-etxeentzat, erakargarriagoa da inbertitzaileentzat eta, hori horrela, proiektu berriak sortzea errazten du.

Brasilgo Revoada Produçoes etxeak produzitutako Esther Vital eta Quentin Delaroche egileen “PULSO” proiektuak irabazi zuen saria foroaren iazko edizioan. Milaka ekintzaileren odolarekin eta izerdiarekin egindako gizarte-mugimendu zatitu baten erretratua erakusten digun dokumentala da. Bizi-istorioen, lurren okupazioen, protesten, gose-greben, galeren eta lorpenen mosaiko sentsorial bat, garai bateko azukre-kanaberaren sailetatik Recife hiriaren kanpoaldera eramaten gaituena. Indarra, mugimendua eta erresistentzia erakusten dituen istorio bat.

Ingurumen-aholkularitzako IBAIA-Bilibin Circular Sariari gehitzen zaio sari hau, zeina helburu bikoitzarekin sortu baitzen, hau da, enpresak trantsizio ekologikoko prozesu bat hasteko premiaz sentsibilizatzea batetik, eta dagozkion laguntzak lortzeko administrazio guztiak ezartzen ari diren beharrezko eskakizunak betetzea bestetik.

Gogorarazi dezagun Donostiako Zinemaldiaren barruan irailaren 23an, 24an eta 25ean egingo den Donostiako LAU HAIZETARA Foroaren XX. edizioak aurtengo irabazleen izenak ezagutzera emango dituela irailaren 25ean bertan (asteazkena), Kursaal Jauregian 20:00etan egingo den industriaren sari-banaketan.