IBAIAK BERE GAIN HARTU DU PIAF IKUS-ENTZUNEZKO EKOIZLEEN FEDERAZIOAREN LEHENDAKARITZA

Entitateak lankidetza-hitzarmena sinatu du MRG Abokatuekin.

 

Ikus-entzunezko Ekoizle Independenteen Federazioko (PIAF) Zuzendaritza Batzordeak atzo, urtarrilaren 17an, egindako Batzar Nagusian erabaki zuen Koldo Zuazua IBAIAren (Euskadiko Ikus-entzunezko Produktore Independenteen Elkartea) ordezkaria  Federazioko lehendakari berri izendatzea,  azken urteetan karguan egon den  Antonio Mansilla (AVAPI) ordezkatuz.

Bileran, halaber, MRG Abogadosekin lankidetza-hitzarmena sinatu zen. Ikus-entzunezkoen sektorean espezializatutako bulego horrek aholkularitza legala emango dio PIAFi, egitura indartuz eta elkartutako enpresa guztiei zuzendutako zerbitzua indartuz.

Etorkizun hurbilari begira, lehendakaritza berriak ilusio handiz egiten die aurre gertuko erronkei; besteak beste, Zinemaren eta Ikus-entzunezko Kulturaren Lege berriaren tramitazioa. Lege horren proiektua Ministroen Kontseiluak onartu berri du, eta tresna estrategikoa izango da gure sektorearen etorkizunerako.

2019an eratu zenetik lau urte igaro ondoren, PIAFek ikus-entzunezko produkzioko 200 enpresa independente baino gehiago biltzen ditu, sei lurralde-elkarte federaturen bitartez: AEPAA-APRIA (Andaluziako Ikus-entzunezkoen Ekoizpeneko Enpresen Elkartea); AMA (Asociación Madrileña Audiovisual); AVAPI (Valentziako Ekoizle Independenteen Elkartea); IBAIA (Euskal Herriko Ikus-entzunezko Produkzio Etxe Independenteen Elkartea); NAPAR (Nafarroako Ikus-entzunezkoen Ekoizpenaren Elkartea) eta PAC (Productors Audiovisuals de Catalunya). Ikus-entzunezkoen sektorean ezinbesteko solaskide eta ordezkaritza handiena duen patronal gisa sendotzen da. Estatuko hainbat lurraldetako produkzioetxeen beharrak bideratzeko lan egiten du PIAFek, periferiari balioa emanez. Bere helburu nagusia produkzio sektorearen interesak defendatzea da. Horretarako, sektorearen ikerketa eta garapena sustatzen ditu; sektoreari buruzko datuak bildu, antolatu eta argitaratzen ditu, ondoren ikus-entzunezko merkatuaren azterketak, prospekzioak eta analisiak egiteko; ikus-entzunezko merkatuko gainerako eragileekin akordioak, itunak eta hitzarmenak ezartzen ditu, besteak beste.

Gainera, PIAFen egitekoa da ikus-entzunezko ekoizpena sustatzea, ekonomiaren aldetik nahikoa den industria baten egonkortasuna eta hazkuntza ahalbidetuko dituen ikus-entzunezko legedia sustatuz, eta sortzaileen eta industriako profesionalen lana defendatzea. PIAF ere topagunea da. Eztabaidarako eta ideiak trukatzeko foroa, etengabe aldatzen ari den industria baterako irtenbideak eta hobetzeko bideak elkarrekin pentsatzeko.