“IMPULSO” proiektuak irabazi du Banaketako eta Festibaletako Aholkularitzaren Saria

sin-tituloDonostiako 64. Zinemaldiaren esparruan, Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroaren XII. edizioak, Treeline Distribution banatzailearekin lankidetzan, banaketako eta festibaletako aholkularitzaren saria eman du laugarren aldiz, “Impulso“ (Frantzia) proiektuari hain zuzen ere.

Les Films De La Butte etxeak ekoitzia eta Emilio Belmonteren zuzendaritzapean, Rocío Molina dantzariaren historia kontatzen digu dokumentalak, baita dantza garaikidearekin uztartzeko  egiten duen lana ere. 30 urterekin, Rocío Molina flamenkoaren mito bihurtu da. Publikoak eta kritikak haren heldutasuna eta ausardia goraipatu dute. 2016an bere karreraren erronka handienetako bati egin behar dio aurre: Parisko Chaillot Antzoki Nazionalerako ikuskizun berria sortu behar du, hurrengo denboraldian bertako kartelburua izango dena.

Filmak “lanaren intimitatean erakusten digu dantzaria, Frantziaren eta Espainiaren artean beti, XXI. mendeko dantza flamenkoaren erronkari nola heltzen dion uler dezagun, eta bide batez artista global honen unibertsora hurbiltzeko aukera eskaintzen digu: haur prodijio izan zena dantzari ospetsu bihurtu da dagoeneko, gaztetasuna gorabehera. Hiru hilabetez, irailetik azarora bitarte, pieza berria sortzeko etapa guztiak erakusten dizkigu filmak, azaroan Parisen estreinatu arteko prozesu guztia”. Filmaren ardatz nagusia izango da ibilbide hori.

2 aholkularitza-saiotan datza sari hori; lehenengo kontsulta-saioa dokumentalaren garapen-fasean izango da eta bigarrena, aldiz, dokumentala amaitutakoan, eta sariaren helburua jarraitu beharreko banaketa-estrategia hoberena eskaintzea da (banaketa-etxearen edo salmenta-agentearen hautaketa, telebista, internet, aretoak, eta abar), eta horrez gain, dokumentalaren edukiaren eta estiloaren arabera zinemaldi egokienak zeintzuk diren bilduko duen gida bat proposatzea.

TREELINE DISTRIBUTION mundu osoan eta bitarteko guztietan (Telebista, Theatrical-a, Home Video-a, plataforma digitalak, eta abar) jarduera duen salmenta-agente independentea da. Gainera, kontu handiz aukeratzen ditu ordezkatuko dituen tituluak, sektorean urte ugari lanean eman eta gero lortutako esperientziaren ondorioz dituen hainbat nazioartekotze-irizpide erabakigarriri jarraiki.

Aurten ere akordioa berritzeari esker intereseko elkargune gisa sendotu da foro hau, Europako dokumentalaren industriaren eta sektoreko agente guztien elkargune gisa, hain zuzen ere.