Lau Haizetara Dokumentalen Foroak sari bat banatu du ikus-entzunezko produkzioko eta errealizazioko profesional berriei laguntzeko “Talentuaren Gunea” ekimenaren baitan

Joan den ostiralean Bilbon egin zen pitching saioaren ondoren, Lau Haizetara Saria Lucía Monteroren eta Carlota Darnellen ‘Peter’ proiektuarentzat izan da. Epaimahaiak lan hori nabarmendu nahi izan du, garapen-maila onagatik eta aurkezpenaren argitasunagatik

Hala, proiektua aditu profesionalen laguntzarekin garatzeko eta pitching-a prestatzeko aukera izango dute prestakuntza-tailerretan, foroaren aurreko bi egunetan. Foroaren egunean bertan, Commissioning Editoreen panel garrantzitsu baten aurrean beraien proiektua aurkeztuko dute eta bukatzeko, Commissioning Editoreekin bilera indibidualizatuak mantentzeko aukera izango dute, sor daitezkeen lankidetza-akordioak zehazteko helburuarekin.

Gainerako saridunak honako hauek izan dira:

➖  D’A Film Lab Barcelona Saria: June Lasarteren ‘Ardiek jakingo dute’.
➖  TP1/Music Library & SFX/Acorde Saria: Naia Aranzamendiren ‘Koaxi’.
➖  Weird Market Saria: Ekain Zabalaren ‘Ñop Ñop’.
➖ Abycine Lanza Conexiones Saria: Oier Bravoren eta Josep Caboren ‘Magastiko koplak’.

Talentuaren Gunea, ikus-entzunezko produkzioko eta errealizazioko profesional berriei bultzada emateko Zineuskadiren ekimena da, non aukeratutako proiektuak gertutik ezagutzeko aukera ematen duen.  Euskal ikus-entzunezkoen sektorean sortzen ari diren talentu berrientzako bozgorailu izan nahi du, industrian lehen urratsak ematen ari diren ekoizle eta errealizadoreentzako topagune izateaz gain.

Aurten, berrikuntza gisa, parte-hartzaileei feedback kritikoa eskaintzeaz arduratu den epaimahai profesionala  sartu da ekimenean. Bertaratuta nahiz online parte hartu zuen epaimahai horrek, honako kide hauek izan zituen: Nerea García Guillén (Lau Haizetara), Mathieu Béjot (Sunny Side of the Doc), José Luis Farias (Weird Market), Igor Heras (Monsters Pit), Pedro Andrade (Bartzelonako D’A Film Lab), Manuel J. Lacasa (Abycine Lanza) eta Arturo Olea (Music Lybrary &SFX).

Sari honek,  agerian jartzen du Lau Haizetara foroak euskal ikus-entzunezkoen sektorearekin duen konpromisoa, sektorearen bilakaerak berak talentu berriei ahotsa ematea eskatzen duen une honetan.

Gogoratu, Donostia Zinemaldiaren esparruan irailaren 23an, 24an eta 25ean egingo den Donostiako LAU HAIZETARA Foroaren XX. edizioak zabalik duela proiektuak aurkezteko deialdia ekainaren 28ra arte, foroaren webgunearen bidez.