Nazioarteko banaketako aholkularitza-sari bat emango du Dogwoof agentziak Donostiako Lau Haizetara dokumentalen foroan

Donostiako Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzioko Foroak eta film, dokumental eta serieen banaketaren, salmentaren eta produkzioaren arloan espezialista den DOGWOOF agentziak akordio bat lortu dute dokumentalen industriaren alde egiten ari diren apustua bultzatu eta indartzeko. Nazioarteko zinemaldi eta salmentetarako aholkularitza sari bat izango da.

Dokumentalen agentzia bat dugu DOGWOOF, 2003an sortutakoa eta egoitza Londresen duena, eta produkzioa, finantzaketa, salmentak eta mundu osorako banaketa uztartzeaz gain, marka global liderra bihurtu da dokumentalaren alorrean. Orain arte Oscar sarirako izendatutako 31 dokumental aurkeztu dituzte, haietako bost irabazle izan direlarik, eta beste lauk BAFTA sariak lortu dituztelarik. Gaur egun bere produkzioko eta garapeneko jarduerak gehitzen ari da agentzia, kalitate handieneko edukia erakusten duen emaitza eskainiz.

Lehen aldiz bertaratuko da Dogwoof agentzia Donostiako Zinemaldiaren barruan datorren irailaren 27an TABAKALERAN (Kultura Garaikideko Nazioarteko Gunea) egingo den hautatutako 15 proiektuen pitching saiora. Estatuko eta nazioarteko telebistek osatuko dute epaimahaia, baita dokumentalaren arloko zinema-alorreko banatzaile eta produktoreek ere, betiere ekitaldira bilduko diren profesionalen laguntzarekin.

Akordio honek lehendik iragarritako sariak osatuko ditu, hau da, 5.000 eurorekin hornitutako proiektu dokumental onenari emango zaion saria (IBAIA-Elkargi Saria) eta ingurumen-aholkularitzako Bilibin Circular Saria. Sari horiek guztiak irailaren 27an bertan iragarriko dira Donostiako Zinemaldiaren industriako sariak ezagutzera emateko ekitaldian.