Donostiako Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzioko Foroak eta Preciosa Media banatzaileak berritu egin dute beren lankidetza-akordioa, dokumentalaren industriaren alde egiten duten apustua bultzatzen eta indartzen jarraitzeko helburuarekin. Bigarren urtez jarraian, banaketako, zinemaldietako bideko eta pantailetako aholkularitza-sari bat emango du banatzaileak, hau da, 4 orduko aholkularitza birtuala.
Banaketa komertzialeko estrategia onena eskaini nahi du eta proiektu irabazlearentzako internazionalizazio-bide onena definitu nahi du ekimen honek.
Claudia Rodríguez, Preciosa Media banatzailea ordezkatuz, irailaren 25ean Tabakaleran (Donostia) izango diren pitching saioetara bertaratuko da. Proiektuaren egoera (garapen-egoera aurreratua, aurreprodukzioa edo produkzioa), proiektuaren egitura narratiboa eta proiektuak norengana iritsi nahi duen balioetsiko du. Preciosa Media banatzailearentzat garrantzitsua da proiektuak nazioarteko ikuspegia izatea, interesgarria izatea Iberoamerikako audientzientzat.
Banaketan, aliantzetan, koprodukzioetarako finantzaketan eta hedabideen aholkularitzan aritzen den konpainia da PRECIOSA MEDIA. Loturak eta aliantzak sortzen ditu Latinoamerikako eta Europako produktore independenteen, kanalen eta plataformen artean, batez ere dokumentalaren eta animazioaren generoetan. Preciosa Media banatzaileak ikuspegi sozial eta edukatiboa duten, eta entretenigarriak eta originalak diren ikus-entzunezko proiektuetan sinesten du, ikuspuntu sortzaile eta aberasgarria duten proiektuetan.
Esther Vital-en eta Ana Fernández Saiz-en “IF I DIE” proiektuak (Espainia-Brasil) irabazi zuen saria foroaren iazko edizioan. Inésen kasu erreala kontatzen digun dokumentala da. Inés erregimenaren aurkaria zen eta 1971. urtean “Heriotzaren Etxean”, Brasilgo diktaduraren tortura-zentro klandestino krudelenetako batean, 96 egunez bahituta egon zen eta torturatua izan zen. Bizirik atera eta bere istorioa kontatu ahal izan zuen preso bakarra izan zen. Urteak eman zituen bertan izandako abusuak ezagutarazten, bere ahizpen, kazetarien, lagunen eta abokatuen laguntzarekin.
Edizio honen irabazlea sari-banaketaren egunean jakingo da, 2024ko irailaren 25ean, asteazkena, Kursaal Jauregian.
Informazio gehiago nahi izanez gero: www.lauhaizetara.eu