Altuna eta Esnal, Arregi, Garaño eta Goenaga, Iñaki Arteta, Iban del Campo, Maider Fernandez Iriarte, Miguel Ángel Jiménez, Loïc Legrand, Mikel Urretabizkaia eta Helena Taberna lehiatuko dira Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko

Hamazazpi film luzek, film ertain batek eta hiru film laburrek osatuko dute euskal ekoizpen osoa, eta Sail Ofizialean, News Directors, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, Culinary Zinema eta Zinemira sailetan, eta euskal zinemaren eta EITBren galetan egongo dira ikusgai

José María ‘Txepe’ Lara ekoizleak jasoko du Zinemira saria

Hamazazpi film luzek, film ertain batek eta hiru film laburrek osatuko dute 67. Donostia Zinemaldian hautatutako euskal ekoizpena. Sail Ofizialean, News Directors, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, Culinary Zinema eta Zinemira sailetan, eta euskal zinemaren eta EITBren galetan ikusi ahal izango dira. Haietako bederatzi (hau da, munduko estreinaldia Zinemaldian izango duten film luzeak) Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehiatuko dira.

Zinemirak, berariaz euskal zinemari eskainitako sailak, hamar ekoizpen hartu ditu barnean, fikzioa eta ez-fikzioa, opera primak eta ibilbide luzeko zinemagileen lanak bilduta.

Helena Tabernaren (Altsasu, Nafarroa) Varados-ek emango dio hasiera sailari. Zinemaldiak Tabernaren hainbat film programatu ditu azken urteotan: besteak beste, Yoyes (Made in Spain, 2000), La buena nueva (Berri ona, Made in Spain, 2009) eta Acantilado (Zinemira, 2016). Varados-ek Grezian dauden iraupen luzeko errefuxiatuen eguneroko bizitza erakutsiko digu.

Glittering Misfits Iban del Camporen (Arrasate, Gipuzkoa, 1971) lehen film luzea da. Aurrez, Kimuak-en hautatu eta Zinemaldian proiektatu ziren haren bi film labur: Dirty Martini eta Espedizio handiaGlittering Misfits-en, New Yorkeko off-off Broadwayko nightclub eta kabaretak esploratzeko bidaia batean abiatu da Dirty Martini-k zirriborratutako gaian sakontzeko.

Hiru uhinak – Les trois vagues ere Loïc Legrand zuzendariaren lehen film luzea da. Hartan, hiru zinemagilek kondaira zahar bat iruditan kontatzeko erronkari egin beharko diote aurre.

Taberna, Del Campo eta Legrand Euskal Zinemaren Irizar Saria lortzeko lehian izango dira. Gainera, urteko euskal ekoizpen nabarmenetako zazpi lan erakusteko tokia utziko du Zinemirak.

El doble más quince-k, Mikel Ruedaren film berriak (Bilbo, 1980), lehiaketaz kanpo parte hartuko du sailean. Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan (2017) hautatutako proiektuetako bat izan zen, eta Malagako zinema-jaialdian izan zuen estreinaldia. Ruedak New Directors sailean parte hartu zuen bere lehen film luzearekin (Izarren argia / Estrellas que alcanzar, 2010). El doble más quince-n, 45 urteko emakume baten eta 16 urteko mutil baten arteko harremana jaso du. Maribel Verdú eta Germán Alcarazu dira protagonistak.

Sailean ikusiko da Muga deitzen da pausoa ere. Maider Oleagak (Bilbo, 1976) Ikusmira Berriak egonaldi-programaren lehenengo urtean garatu zuen proiektu hori, eta Gijongo zinema-jaialdian estreinatu zen.

Bestalde, Bernardo Atxagaren izen bereko eleberrian oinarritutako filma, Soinujolearen semea, Huelvako eta Nantesko zinema-jaialdietan aukeratu zuten. Zuzendariak, Fernando Bernuések (Donostia, 1961), New Directors saileko lehiara ekarri zuen Kutsidazu bidea, Ixabel (2006, Mireia Gabilondorekin batera zuzendua) eta Zinemiran aurkeztu zuen Mugaldekoak (2010).

Zinemiran ikusiko dugu, halaber, Juanmi Gutiérrezen (Errenteria, 1945) azken filma, Paseko txoriak. Aurrez, beste hamar film aurkeztu ditu Gutiérrezek sailean. Aurtengo otsailean hil zen eta 67. Zinemaldiak omenaldia egingo dio.

70 binlandens Koldo Serraren (Bilbo, 1975) hirugarren film luzea da, The Backwoods (Baso ilunean) eta Gernika. The Movie-ren ondotik. Emma Suárez, Nathalie Poza eta Hugo Silva dira Sitgeseko zinema-jaialdian estreinatutako film horren protagonistak.

Bestalde, La pequeña Suiza Kepa Sojoren (Laudio, Araba, 1968) bigarren film luzea da, El síndrome de Svensson-en (2006) ondoren. Euskadi erdian dagoen Gaztelako herri baten gorabeherak kontatuko dizkigu.

Azkenik, Zinemiran aurkeztuko da Elkano, lehen mundu bira animazio-filmaÁngel Alonsok (Pasaia, Gipuzkoa, 1967) zuzendutako bigarrena. Lehenengoa, El ladrón de sueños (Ametsen lapurra, 2000), animazio-film onenaren Goya sarirako hautagaia izan zen.
‘Agur Etxebeste’ Euskal Zinemaren Galan

Duela 14 urte, Asier Altunak (Bergara, Gipuzkoa, 1969) eta Telmo Esnalek (Zarautz, Gipuzkoa, 1967) Gazteriaren Saria lortu zuten Aupa Etxebeste! (2005) New Directors sailean aurkeztuta. Harrezkero, Zinemaldiaren sailetara ekarri dituzte beren filmak; besteak beste, Sail Ofizialera. Aurten, Agur Etxebeste! filmaren emanaldia hartuko du Euskal Zinemaren Galak. Patrizio Etxebesteren eta haren emazte María Luisaren abentura berriek Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehian parte hartuko dute.

Chaika-rekin (2012) New Directors saileko lehiaketan parte hartu eta gero, Miguel Ángel Jiménezek (Madril, 1979) EiTBren galan estreinatuko du Una ventana al mar, eta Zinemaldiko euskal ekoizpen onenaren saria lortzeko ere lehiatuko da. Filmean, minbizia diagnostiko baten berri izan ondoren Greziarako bidaia egingo duen emakume bat hezurmamitu du Emma Suárezek.

Era berean, Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehian sartuko dira La trinchera infinitaAitor Arregik (Oñati, Gipuzkoa, 1977), Jon Garañok (Donostia, 1974) eta Josemari Goenagak(Ordizia, Gipuzkoa, 1976) zuzendutako filma, Sail Ofizialeko aukeratik; eta Las letras de Jordi (Ikusmira Berriak 2017), Maider Fernández Iriarteren (Donostia, 1988) lehen lana, New Directors sailetik. Culinary Zineman estreinatutako bi film ere hartuko ditu lehiaketak: batetik, Iñaki Artetaren (Bilbo, 1959) Bittor Arginzoniz. Vivir en silencio, Etxebarri erretegiko sukaldariaren nortasunari buruzkoa; eta, bestetik, Mikel Urretabizkaiaren Gazta, Idiazabal gaztaren unibertsoarekin lotutako lekukotzak bildu dituen filma.

Zinemaldian beste euskal ekoizpen hauek ikusi ahal izango dira, halaber, nahiz eta Irizar saila lortzeko hautagaien zerrendan ageri ez: Ion de Sosaren (Urnieta, Gipuzkoa, 1981) eta Chema García Ibarraren (Elx, Alacant, 1980) Leyenda dorada eta Izibene Oñederraren (Azkoitia, Gipuzkoa, 1979) Lursaguak, Kimuak-etik Zabaltegi-Tabakalera sailerako aukeratutako bi film labur; Maddi Barberren (Lakabe, Navarra, 1988) Urpean lurra film ertaina, Zabaltegi-Tabakalera sailean ere, zuzendariak iaz aurkeztutako 592 metroz goiti film laburra bezala; Oliver Laxeren (Paris, 1982) O que arde, Cannesko zinema-jaialdiko Un Certain Regard sailean estreinatutako eta saritutako filma, Perlak sailean programatu baita; eta Igor Arabaolazaren Zer jan hura izan, Culinary Zinema sailean.
Bi proiektu Koprodukzio Foroan eta Ikusmira Berriak programan

Gainera, euskal ekoizpeneko bi proiektu hartuko ditu Zinemaldiak: Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan Asier Altunaren Karmele hautatu dute eta Ikusmira Berriak egonaldi-programaren esparruan, Aitziber Olaskoaga (Getxo, Bizkaia, 1980) Jo ta ke garatzen ari da.